XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Irakasleari dagokio ikasleen gaitasunen adierazgarriak antzematea eta jolasa tresna benetan egoki eta baliagarria da lan horretarako.

Jolasean dabiltzanean, dituzten gaitasun eta trebetasunak erakusten dizkigute, eta helduen laguntza profesionalari esker garatzen joaten dira, nortasuna eratzeko lagungarri zaien heldutasun afektiboa eskuratzen, alegia.

Alabaina, haur guztiek ez dute jolasteko gaitasun bera.

Haur batzuek beste kideek baino jolas-teknika atzeratuagoak dituzte, ezintasun baten erruz edo eta teknika horiek eskuratuak izatea eragozten dien atzerapenen bat dutelako garapenean.

Horrelakoetan, jolasten irakatsi behar diegula planteatu beharra dago, hezkuntzako beste edozein helburu bailitzan, objektuak arakatu eta ezagutzeko gai izan daitezen, beste haur batzuekin harreman egokiak izan ditzaten, jolaserako estrategia desberdinak eskura ditzaten, etab.

Baina, horretarako, irakasleak eta gelako gainerako haurrak izan behar dituzte lagun eta baliabide egokiak behar dituzte, hala nola, egokitautako jolasak etab.

Jolasten irakasteak ondoko hiru helburuak ditu:

-haurra ingurunean integratzea
-astialdirako iharduera eta eginkizun atsegingarriak burutzea
-beste berariazko arlo batzuk garatzea, hala nola, motrizitatea, lagunkoitasuna, autolaguntza, komunikazioa, ezagutza, etab.

Goian aipatutako helburuak egokiak dira komunikazio eta elkarkoitasun-alorrean atzerapen larriak dituzten ikasleentzat, hizkuntz alorreko nahasteak dituztenentzat edo zentzumen-defizitak dituztenentzat.

Ezintasun fisikoak dituzten haurrentzat ere egokiak dira, baina azken kasu honetan, denbora gehiago beharko dute bakoitzaren mugimen-arazoak kontuan hartuta landu ditugun jolasak ezagutzeko eta jostailuak erabiltzen ikasteko.

Txikiak direnean haur askok bakar-bakarrik jolasteko ohitura dute, luzaroan iharduten dira bakarrik, gizarteratze-jarraipideak ikasten dituzten artean.

Bakarrik jolastea ere beharrezkoa da; are, haurrak duen kontzentrazio-gaitasunaren eta irudimenaren berri ematen digute bakarkako jolasek, ingurune hurbileko objektuak arakatzen eta aurkitzen ari delako seinale dira.

Gauzak horrela, egoera hori guztiz normala da haurren garapenean eta, printzipioz behintzat, ez dugu zertan kezkatu beharrik.

Alabaina, kezkatu egin behar gara beti bakarrik ibiltzen badira edo besteekin jolasten ez badira; arduratu egin behar gara jolastu ezin direnean bai inhibizioaren erruz edo eta jolasean lasai ibiltzen uzten dieten bestelako ihardueraren bat dutelako, eta ingurunearekiko elkarreraginei erantzun mugatuak ematen dietenean eta horretarako estimuluren bat behar dutenean.

Jolasten ikasteko eta ikasten jolasteko toki bat eskaini behar diegu ikasleei.

Lan hori intentzionalki egin behar da